
eIDAS 2 identifikazio elektronikoari eta barne merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzko Europako erregelamenduaren bigarren bertsioa da. Araudi berri horrek oinarritzat du aurrekoak (eIDAS Erregelamendua —910/2014 (EB) Erregelamendua—) izandako arrakasta, eta haren irismena zabaltzen du, erronka teknologiko berriei aurre egitearren eta identitate digitalen elkarreragingarritasuna bermatzearren EBren mugetan zehar.
eIDAS 2ren helburu nagusia da esparru komun bat ezartzea, EBko herritarrek eta enpresek zerbitzu publiko eta pribatuak modu seguru eta efizientean eskuratu ahal izan ditzaten, bizi diren herrialdea edo duten identitate-hornitzailea edozein dela ere. Horretarako, eIDAS 2k zenbait aurrerapen esanguratsu sartu ditu identitate digitalaren teknologian, transakzio elektronikoekiko konfiantza handituta eta identifikazio elektronikoko sistema nazionalen arteko elkarreragingarritasuna erraztuta.
Europako Identitate Digitala: eIDAS 2ren berrikuntza nabarmenetako bat da herritarrentzako europar identitate digitala sortzea. Horri esker, Europar Batasuneko herritarrek soluzio digital bakarra erabili ahal izango dute izapideak egiteko eta Eurpar Batasuneko edozein estatu kidetan zerbitzu publiko zein pribatuetara sartzeko. Identifikazio elektronikoko soluzio nazionalek, sarritan, herrialde bakar baten barruan balio dute; Europako identitate digitala, berriz, Europar Batasun osoan aintzatetsi eta onartuko da.
Elkarreragingarritasuna hobetzea: eIDAS 2 erregelamenduak garrantzi handia ematen dio elkarreragingarritasunari, eta horrek esan nahi du herrialde kideetan ezarritako identitate digitaleko soluzioek bateragarriak izan beharko dutela elkarren artean. Horri esker, Espainiako herritar batek, adibidez, bere identitate digitala erabili ahal izango du Estonian administrazio izapideak egiteko; edo Alemaniako enpresa batek digitalki sinatu ahal izango du Italiako bezero batekiko kontratua, bateragarritasun arazo teknikoez kezkatu gabe.
Segurtasun eta pribatutasun handiagoa: eIDAS 2 erregelamenduaren funtsezko alderdiak dira datu pertsonalen babesa eta pribatutasuna. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin bat etorriz, eIDAS 2k segurtasun neurri zorrotzak ezartzen ditu, erabiltzaileen identitate digitala eta datu pertsonalak babestearren. Faktore anitzeko autentifikazioa, enkriptazio teknologia aurreratuak erabiltzea, eta erabiltzaileak bere informazio pertsonala erabat kontrolatzea dira araudi honen funtsezko elementuak.
Konfiantzazko zerbitzuak indartzea: eIDAS 2ren beste alderdi garrantzitsu bat da konfiantzazko zerbitzuak indartzea, hala nola sinadura elektronikoa, dokumentuen baliozkotzea, aldi baterako zigiluak, eta transakzio elektronikoen autentifikazioa. Konfiantzazko zerbitzu horiei esker, enpresek eta herritarrek transakzio digitalak egin ahal izango dituzte paperezko prozesuen legezko balio berarekin; eta, horrela, ekonomia digitalaren ezarpena bultzatuko da.
Kaudatuko sinadura motak legez lotesleak dira, eIDAS 2 erregelamenduaren araudi zorrotzenari jarraitzen baitiote.